Atzo, uztailak 11, udal zerbitzuek 40 urtetik gorako ezki bat (Tilia tomentosa) bota zuten Iparragirre kalean, herritarren segurtasuna bermatzeko. 40 urtetik gora zituen zuhaitz horrek usteldura handia zeukan barruan eta dagoeneko akats estrukturalak izanik, arrisku handia sor zezakeen oinezkoek asko erabiltzen duten zona horretan.

Udalak urteak daramatza udalerriko zuhaitzei gertuko jarraipena egiten. Horren adibide da orain dela 2 urte udalerriko parkeetako zuhaitzen ikerketa sakona egin izana, eta gerora berreskuratu ezinean eta arriskua sor zezaketen zuhaitz gutxi batzuk moztu izana.

Ia garai berean, haizete egun batean, hilerri ondoko zuhaitz batek sortutako sustoa dela-eta, Udalak inguru horretakoak aztertu zituen eta bost zuhaitz (Iparraldeko haritzak) kendu zituzten.

Bergarak zuhaitz familia zabala dauka eta neurri handi batean edadekoa. Udal zerbitzuek uneoro jarraipena egiten diete udalerriko zuhaitzei; etengabe ari dira horien egoera ikuskatzen. Hala, lorazaintzako arduradunek zuhaitzen bati edozein zantzu txar hartzen badiote, arbolazaintzako enpresa espezializatu bati deitu eta haiek egindako azterketa izaten da zuhaitza bota edo bestelako interbentziorik egiteko erabakiorra.

Udalerriko zuhaitz familia aberatsa zaintzea oinarria bada ere, segurtasuna bermatzea ere ezinbestekoa da.

Departamento: