Bergarako Enpresare elkarteak 30.000 euroko dirulaguntza jasoko du 2025ean Bergarako Udalaren eskutik bere jarduerak sendotzeko eta zabaltzeko. Dirulaguntza urtarriletik abendura bitartean gauzatuko diren proiektu eta ekimenak finantzatzeko erabiliko da.

Dirulaguntza hau elkartearen Plan Estrategikoaren helburu nagusiei erantzuteko bideratuko da, besteak beste:
• Tokiko enpresekin lankidetzan ekimen berriak garatzea.
• Arlo desberdinetako jardunaldi eta prestakuntza saioak eskaintzea.
• Enpresen artean arlokako mahaiak eta eztabaida guneak lantzea.
• Tokiko eta kanpoko azoketan parte-hartzea sustatzea.
• Negozio eredu berriak aztertzea eta garatzea.
• Enpresa bazkideen kopurua handitzea eta haien parte-hartzea areagotzea.
• Komunikazio plan estrategiko bat ezarri eta martxan jartzea.
• Baliabide tekniko eta trebakuntza arloetan prestakuntza eskaintzea.

Elkartearen helburu nagusia da Bergarako enpresa sarea indartzea, lanpostuak sortuz eta bertako ekonomiaren lehiakortasuna hobetuz. Horretarako, enpresen arteko lankidetza eta baliabideen partekatzea sustatzen dira, batez ere enpresa txiki eta ertainen beharrak kontuan hartuta. Ekimen berritzaileak martxan jartzeak, enplegu aukera berriak sortzeko eta lanpostuak indartzeko aukera emango du.

Bergarako Udala Enpresareren zuzendaritza batzordearen kide da eta lankidetza publiko-pribatuaren aldeko konpromisoa du. Udalaren inplikazioak, tokiko enpresa sarearen sendotzean eta herriko ekonomia dinamizatzean eragin zuzena izango du, komunitatean aberastasuna eta ongizatea sortuz.