Bergarako Udala-k Og, 2025-04-24 09:35-n bidalia
Bergarako Udalak 2025eko Pentekoste Jaietako programaren azalaren diseinua aukeratzeko kartel lehiaketa antolatu du beste urte batez. Lehiaketa irekia izango da, eta edozein pertsonak parte hartu ahal izango du, adin mugarik gabe.
Lanak teknika askekoak izango dira eta ondorengo baldintzak bete beharko dituzte: 30 x 42 zentimetroko neurriak, 300 ppp-ko erresoluzioa, formatu bertikala, eta paperean inprimatuta, kartoizko oinarri baten gainean aurkeztuak. Era berean, lanaren kopia digitala ere aurkeztu beharko da euskarri informatiko batean. Kartel guztiek testu hau jaso beharko dute: PENTEKOSTE JAIAK 2025 BERGARA.
Aurkeztutako lanek originalak izan behar dute, argitaratu gabeak eta beste lehiaketaren batean aurkeztu gabeak. Ez da onartuko egilearen nortasuna agerian uzten duen inolako identifikaziorik, eta lehiaketara aurkezten diren lanek ezingo dute adikzioen prebentzioaren edo berdintasunaren aurkako mezurik izan.
Irabazleak 400 euroko bonuak jasoko ditu, Bergarako merkataritza-guneetan trukatzeko. Epaimahaiak, lanek gutxieneko kalitate mailarik ez dutela iritziz gero, saria eman gabe utzi ahal izango du.
Lanak aurkezteko azken eguna 2025eko maiatzaren 6a, 13:00ak baino lehen da, eta Bergarako Udaleko BAZ zerbitzuan entregatu beharko dira.
Epaimahaia honako kideek osatuko dute: Berdintasun, Prebentzio eta Kultura sailetako ordezkari bana, Jai Batzordeko ordezkari bat, komunikazioan eta diseinuan aditua den pertsona bat eta arte disziplinan ezagutza duten herriko bi ordezkari.
Gainera, herritarrek ere izango dute bozkatzeko aukera, maiatzaren 9tik 12ra bitartean udalaren webgunean, eta boto horiek azken ebazpenean %40ko pisua izango dute.