Bergarako Udala-k Az, 2025-01-08 14:07-n bidalia
Bergarako Udal Gobernuak 2025erako Aurrekontu Proiektua osatu du herriaren garapena eta ongizatea sustatzen duten arlo nagusiak indartzeko asmoz. Udal gobernuak aurrekontu proposamena aurkeztu die udal taldeei, datozen asteetan berain ekarpenak jaso eta behin betiko proposamena Otsailerako onartuta izateko asmoarekin.
2025erako aurrekontu proposamen osoa 38.448.526,98 eurokoa da, aurreko urtearekin alderatuta igoera nabarmena erakutsiz (%14ko igoera). Ez ohiko aurrekontua izango da aurtengoa, inbertsio handiei erantzun ahal izateko, 2026 eta 2027ko aurrekontuetan ohiko gaitasunera mugatzeko baldintzarekin emango dena.
Aipatu bezala igoera nabarmenena inbertsioetan jaso da, 10.681.000€raino iritsiz gure herrian estrategikoak diren hainbat inbertsiori aurre egiteko.
Hauen artean, batetik, Barrenkalen hastear den berrurbanizazioa eta ondorengo San Martin plazaren itxura aldaketarekin alde zaharraren biziberritzean eta eremu monumentalaren zaintzan eragiteko asmoa du Udal gobernuak.
Bestetik, udal zerbitzuak eskaintzeko, udal eraikinetan hainbat inbertsio egingo dira. Udaletxeko eraikinean eta inguruan eremuak berritu eta herritarren arreta zein zerbitzuen irisgarritasuna hobetzeko 1.000.000 € inguru erabiliko da.
Beste milioi bat Agorrosingo kiroldegiko teilatua konpontzeko erabiliko da, eta beste horrenbeste Arrizuriagan kulturan erreferente bilakatuko duen eraikina egokitu eta ekipamenduz hornitzeko. Berdintasun politiketan sakontzeko aukera emango duen Emakumeen etxea ere bertan jarriko da martxan, herriko emakumeen artean diseinatu eta gero.
Gainera, Boluko malda inguruko herritar eta etxebizitzen segurtasuna bermatzeko 536.000€ bideratuko dira 2025 honetan gauzatuko den aktuazioan.
Jasangarritasun ikuspegitik udal energia horniketan burujabetzan sakontzeko 388.000€ inbertituko dira eraikin publikoen teilatuetan instalazio fotoboltaikoak gauzatzeko.
Bukatzeko, baserri bideak konpontzeko eta hauen garbiketa eta mantentzerako 272.000€ inbertituko dira.
Ohiko aurrekontuaren herena, 11.930.914,70 euro bideratzen dira ondasun eta zerbitzuen gastu arruntetara, udal zerbitzuen mantenua eta hobekuntza bermatzeko.
Aipatzekoak dira hauen artean ondorengoak 2025ari begira:
• Hirugarren adinekoentzat etxez etxeko zerbitzuaren aurrekontua 1.143.000€koa izango da.
• Laboratorium museoaren 10. urteurrena ospatzeko urte osoko programazio bereziak 200.000€ izango ditu.
• Kultur eskaintza aberasteko asmoz, kultur ekintzetarako aurrekontua 343.000€koa izango da.
• Hondakinen bilketa, tratamendu eta kudeaketak egiteko eta Mankomunitateak ematen dizkigun beste zerbitzuak finantzateko 2.500.000€ko ekarpena egingo da.
• Udal Zerbitzua eman ahal izateko udal langileen lansariek 11.230.112,89 euroko diru izendapena izango dute aurten, udal jarduerak eta herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak sostengatzen dituen giza taldearekiko konpromisoa sendotuz.
“Aurrekontu honek gure konpromisoa islatzen du Bergararen etorkizunarekin. Legegintzaldia hasi genuenean, Gobernu Plana aurkeztu genuen, gure ibilbide-orria zehazten duena, eta Aurrekontu hauek bertako erronka gehienei erantzuten diete. Gure udalerrirako oso inbertsio garrantzitsuak dira, herritarrentzako espazio publikoak hobetzeko eskaerei erantzuten dizkietelako, adibidez, Barrenkalen edo Arrizuriaga jauregian. 2025erako aurreikusitako inbertsioek gure udalerria bizi kalitatean erreferente bihurtzea dute helburu”, azpimarratu du Gorka Artola alkateak.
Eztabaida eta onarpena
Aurrekontu Proiektua, talde politkoek ekarpenak jaso eta aztertu ostean udal osoko bilkuran eztabaidatuko da datozen asteetan. Zentzu horretan, udal gobernuak oposizioko alderdiekin bilera egin du jada proiektua aurkezteko eta akordioetara heltzeko asmoa helarazteko.