Bergarako Udala-k Og, 2024-11-28 14:11-n bidalia
‘Harixa’ egitasmoak ostegun honetan ospatu du 2024eko batzar nagusia, Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketako zentroan. Egitasmo honek Bergarako enpresetan euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko helburua du, eta bileran 2024 urteari errepaso bat eman eta datorren urterako lan-ildo nagusiak zehaztu dituzte bigarren aldiz egin duten Batzar Nagusian.
Amaitzear dagoen urtean, barne zein kanpo harremanetako ahozko eta idatzizko erabilera izan dituzte langai. Horretarako, egitasmoan parte hartzen duten 38 entitateen artean dituzten harremanei buruzko diagnostikoa egin dute eta, bereziki, Udalari zein Miguel Altuna zentroari zuzendutako idatziak zein hizkuntzatan egiten dituzten ere identifikatu dute. Horrez gain, barne erabileran ahozkoa indartzeko EUSLE metodologia jarri dute martxan enpresa batzuk; euskaraz hitz egiteko gaitasuna duten pertsonen ohituretan eragiteko.
Dinamika eta diagnostiko horiez gain, enpresa bakoitzak egin ditu aurrerapausoak enpresaren irudia, pertsonen kudeaketa edota bezero zein kanpo harremanak bezalako gaien inguruan.
Bestalde, iazko batzarrean ondorioztatu zen lanean euskara gehiago erabiltzeko beharrezkoa dela hornitzaileak diren zerbitzu enpresak egitasmora batzea. Izan ere, lan harremanetan euskara erabiltzeko prest dauden enpresa-kopurua handitzeak eguneroko lan hizkuntza euskara izateko aukerak ugaltzea dakar. Bide horretan, Bergarako zerbitzu enpresa batzuk batuko dira hurrengo asteetan Harixa egitasmora: zenbait informatika enpresa, notariotza eta abar.
Era berean, eta helburu berarekin, Harixatik Debagoieneko eta Euskal Herri mailako beste plan batzuekiko lankidetza ere bultzatu da.
Horrekin batera, datorren urterako berriz, lau lan-ildo zehaztu eta landu dituzte batzarrean: euskararen aktibaziorako sarea osatzea, langile berriei enpresarako harrera euskaratik egitea, adimen artifiziala eta hizkuntza teknologiak, eta enpresaren irudia eta euskara. Azken lan-ildoari buruzko hitzaldi bat ere izan dute atzoko topaketan, Gorka Barruetabeña Sorland komunikazio enpresako kidearen eskutik. Berak adierazi zuenez, “euskara enpresaren baloreekin lotuta dago eta proposito eta baloredun enpresak errentagarriagoak dira”.