Bi aldeen artean hainbat bilera egin ondoren, aurretik zetorren hitzarmenaren moldaketa adostu dute Bergarako udalak eta BKEk. Datorren asteleheneko, abenduak 21, osoko bilkuran onartu ondoren sinatuko dute bi aldeek hitzarmena.

Adostutakoen bitartez, kirol eremu hau erabiltzen duten bergararrei zerbitzua hobetuko zaie. Besteak beste, futbol zelaiari bestelako erabilera batzuk emateko aukera ere egongo baita.

Gainera, egoera ekonomikora moldatu da. Esfortzua egin da egoera ekonomiko berezi honetan aurretik zetorrena moldatu eta proiektuarekin aurrera ahal izateko. Egingo den inbertsioak ez du Udalaren aurrekontua baldintzatuko eta aukera egongo da egoera berezi honetan beste proiektu batzuetan ere inbertsioak egiteko, aitzitik, aurretik zetorrenak baldintzatu egingo luke.

Udalak udal-aurrekontuetan gorde egin beharko ditu 1. faseari ekiteko beharrezko kopuruak; horiek batuta, gehienez 1.000.000 euro eta gutxienez honako kopuruetara iritsi beharko dira:

- 2021eko ekitaldian: 6. kapituluko %8ari dagokiona eta gutxienez 250.000 €
- 2022ko ekitaldian: 6. kapituuluko %18ari dagokiona eta gutxienez 450.000 €.
- 2023ko ekitaldian: 6. kapituluko %10ari dagokiona eta gutxienez 300.000 €.

Bergarako udalak konpromisoa hartu du belar artifizialezko zelai bat eraikitzeko, Bergara Kirol Elkartearekin hitzartutako 11ko futbolerako arauzko neurriekin, eta gaur egun Agorrosin futbol-zelaia dagoen lekuan. Obrak hainbat fasetan gauzatuko dira, eta 1. fasearen gutxieneko edukia hauxe izango da:

- Belar artifizialezko joko-zelaia egokitu, behar bezala argiztatua eta itxita.
- Atezainentzat, belar artifizialezko entrenamendu-eremu bat egokitu.
- Eremu osorako ureztatze-sistema instalatu.

Proiektua idatzita egon beharko da 2021eko urriaren 31a baino lehen.

Proiektuko obrak fasetan banatuko dira, eta Bergarako udalak berariazko konpromisoa hartzen du 1. fasean futbol-zelaia, argiteria artifiziala eta atezainen berotze-eremua egiteko.

Edonola ere, obren lehen fasea ezingo da hasi 2023ko ekainaren 30a baino geroago.

Bestetik, Bergara Kirol Elkartea BKEk Bergarako udalari laguntzeko konpromisoa hartzen du, obrok egiteko finantzaketa bilatzeko.

Arloa: