Jaiotza: 
1 882
Heriotza: 
1 957

Bere biografia eginda dago jadanik, G. de Bionak idatzi baitzuen "Euskalerriaren-alde" aldizkarian. Dena den, egile hau ere Bergarari ospea eman dioten musikari edo artisten artean sartu behar dugu. Tolosan jaio eta Bergaran hil zen. Gure herriko Udal Musika Bandako zuzendaria eta Santa Marina parrokiako organo-jolea izan zen erretiratu arte. Aita Domingotarren Errege Seminarioko Eskolan musika irakastera etorri zen estreinakoz Bergarara. Lekeitioko Bandako zuzendari-posturako oposaketetan parte hartu ondoren, gure herriko udal-bandako zuzendari izendatu zuten. Zuzendari handia izan zen benetan, eta arrakasta nabarmenak lortu zituen Iruñea, Bilbo eta Irungo txapelketetan, gure eskualdeko eta, batzuetan, estatuko bandarik onenekin lehian aritu ondoren.

Primeran menperatzen zuen musikaren teknika, eta orkestretarako obrak bandetarako moldatzeko behar ziren moldaketa eta transkripzio guztiak egiten zituen.

"Enbor bereko ezpalak" izan ziren, zinez, Ignazioren semeak, bereziki "euskal musikarekin izan duten loturarengatik" Jose Maria Gonzalez Bastida (lehenengoa izan zen Madrileko Udal Bandako zuzendari-posturako oposaketetan, eta Gasteiz eta Irungo Udal Bandetako eta Easo abesbatzako zuzendaria), eta Migel, Bergarako Udal Bandako eta Orfeoiko zuzendari ohia. Sari ugari irabazitako konpositoreak eta organo-jole apartak ditugu biak. Beste hiru anaiak "Ignazio, Ramon eta Jesus" ere musika-lanetan aritu dira, baina Bergaratik kanpo.

"Bergarako Kronikak". Egilea: Donato Gallastegi