Enviado por Bergarako Udala en Mié, 2023-11-29 10:09
Astelehen honetan ospatutako osoko bilkuran, Bergarako Udalak “zaintza unibertsala, justua, kalitatezkoa eta duina” aldarrikatu du mozio baten bidez. Ainhoa Lete alkateordeak aurkeztutako mozio horren arabera, zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzeko, behetik gora egiten den prozesu baten beharra daukagu, eta horretarako eztabaidaguneak, ezberdinen arteko harreman espazioak eta kontsentsuak topatzeko borondatea ezinbestekoak dira. Esaten denaz gain, egiten den moduak izugarrizko garrantzia du honelako herri erronka baten aurrean.
Leteren arabera, “zaintza sistemaren krisialdi batean gaude. Beharrak areagotuz doaz, bai. Eta premia hauei erantzun ezinean gabiltza. Baina beharrak areagotzen doazen honetan ezin dugu esan gabe utzi gaur egungo sistema gain beheran dagoela”.
Ongizate Estatuaren egiazko zutabe izango litzatekeen, zaintza duin eta unibertsalerako eskubidea bermatzeko erakundetze berri baten sortzeko prozesua abiatzea ezinbesteko jotzen da eta, horretan, besteak beste, hurrengo puntuak nabarmendu ditu mozioak:
· Euskal Gizarte Zerbitzuen Sisteman aurreikusitako zaintzara zuzendutako prestazio eta zerbitzuen berdefinizioa burutu beharko da, bai eta horiek garatzeko eta horien sarea hedatzeko inbertsioak argi definitu beharko dira.
· Zaintzak ezin du negozio izan eta Gizarte Zerbitzuen desmerkantilizazioa eta zaintza sektoreko lan baldintzak duintzeko prozesua abiatzea ezinbesteko jotzen da.
· Gizarte Zerbitzuen doakotasuna bermatzeko prozesu graduala abiaraztea.
· Zerbitzuen finantziazioaren inguruko eztabaida ireki beharko da.
Leteren arabera, “gaur egungo zaintzari administraziotik erantzun asistentziala ematetik askoz haratago joan beharra daukagu, eta Udaletik horretan saiatzen ari gara”. Lehenengo zaintza plana onartu dugu aurten, eta pausoak bide horretan ematen ditu planak. Zaintza duinak, balioan jartzen direnak, partekatuak…. Bergarak azken lau urteetan egin du esfortsu bat”.
Horren harira, azken urteetan Zaintza Plana onartu du Bergarako Udalak eta zenbait ekintza martxan jartzen ari da:
• Aholkularitza zerbitzua, kontratazioetan eskubideak haintzat hartu daitezen
• Zaintza lanen errekonozimendua egiteko ekimen desberdinak
• Zaintzaile migratuen saretzea eta ahalduntzea bultzatzen lagundu
• Adinekoen bakardadearen inguruan Maria Lagundiarekin lanketa eta hitzarmena
• Adinekoen Kontseilua sortu da, bertatik hainbat lan interesgarri egiteko asmoarekin
• Arin eguneko zentroa martxan dago
Letek gogorarazi du guzti honek esfortzu pertsonal eta ekonomiko bat dakarrela Udalarentzat, eta, zentzu horretan, zenbait datu ekonomiko aurkeztu ditu:
• Gizarte Zerbitzu eta Berdintasunean azken lau urteetan miloi batean igo da Udalaren diru partida, 2019ko 1.900.000tik 2.800.000tik gorako dirua jasota
• Etxez etxeko zerbitzuetan kasik bikoiztu egin da Udalak egiten duen aportazioa, gaur egun 1.100.000tik gora jasota
“Zaintzaren kasuan, beste kasu batzuetan bezala, Udalok karga haundi bat hartzen dugu. Eta jasangarria izan behar bada, baliabideak behar dira. Gure txikitasunetik egin ditzakegu gauzak. Interesgarriak eta eraginkorrak izan daitezkeenak gainera. Baina sistema ez dugu Bergaratik, gure txikitasunetik eraldatuko”, nabarmendu du alkateordeak.
“Honekin ez genuke udal gobernuaren jarduna zuritu nahi. Ez eta gutxiago ere. Oso kontziente gara zaintzaren bueltan asko dagoela egiteko Bergaran eta Euskal Herrian. Pausotxoak ematen hasi besterik ez gara egin. Baina ikuspegia ezin dugu ahaztu”.
“Zaintza sistema merkantilista, beraz, kapitalista, patriarkala eta zapaltzaile hau ezin da erreproduzitu. Irauli beharra daukagu. Eta horretarako denon konpromisoa beharrezkoa da. Zaintza unibertsala, justua, kalitatezkoa eta duina izan behar bada, publikoa izan behar da”, esanez bukatu du Letek bere hitzartzea.